KRONIKA

1.ETAPA -BAIONA-HENDAIA

 

                Adur ibaia itsasoratzen den puntuan bertan hasi ginen. Iker eta Beñat  korrika eta Eñaut mendiko bizikletan gure telefono eta janariarekin. Hasi eta berehala Baionako pasealekutik bizikletan ibiltzea debekatuta dago eta banatu egin ginen, aurrerago berriz elkartzeko itxaropenarekin.  Baionako hondartzako pasealeku ederreko 4 km-ak egin eta gero kale tarteetatik ibiltzea tokatu zitzaigun. Lehendabiziko  kilometroak asfalto hutsezkoak ziren, Biarritz, Bidarte eta Getaria erraz iragan genituen, erritmo lasai eta erosoan.       

                Behin Getaria iragan ostean, kostako bidezidorretan zehar  alaiago joanez , Donibane Lohitzunera heltzear ginen.  Generaman ur apurra agortuta (botila txiki bat erdiraino betea baino ez generaman), horniketa puntura heltzeko irrikaz genbiltzan.

                Horniketa puntura heldu eta han ez zegoen inor. Kotxea bai, justu egon behar zen puntuan, baina lagunetako inor.  Telefono, ur eta diru gabe. Lagunak bilatzen ibili arren, ez genuen inor topatu.  Azkenean boligrafo bat eskatu eta kotxean abisua utzita, aurrera jarraitu behar , iturriren bat aurkitzeko esperantzan.  Herri irteeran iturri hantzeko bat topatu eta Zoko-ararte asfaltotik jarraitu genuen.

                Zatirik politena hemendik aurrera izan zen, lastima ordurako pixka bat jota genbiltzala eta ez genuela behar bezala gozatu.  Itsasoa aldamenean izanda, kostako lur bidetik pozik gindoazen ura bukatu arte. Hendaiara heldu eta hondartza guztia zeharkatu ostean elkartze puntura ailegatu ginen. Han ez zegoen inor.

                Hogei minutu ostean Eñaut eta lagunak agertu ziren eta jasotakoa kontatzen hasi ziren. Dirudienez Eñautek kristolako buelta eman zuen bizikletan eta Donibane Lohitzunera bi ordutan heldu zen. Gure aurreikuspena 2 ordu eta 15 minututan heltzea zen, eta bizikletaz 2 behar izan bazituen ezinezkoa ikusi zuten gu orduan heltzea.  Aurretik denbora asko zutela ikusita, herritik zehar ibili ziren lasai asko azkenean kotxeko nota topatu zutenerarte.

                Azkenean denak batu eta lasai etxera bidea hartu genuen. Hurrengoan urik eta telefonorik ez da faltako.

                Bizikletan egitekotan, gure track-a ez da aproposena, gehienbat hasierako pasealekua dela eta. Dena den, bizikletaz egiteko bidea markatuta dago eta gurearekin bat egiten zuen hasierako tarte gehienetan. Azkeneko zatian ere, gu hondartzatik gindoazen, ez dut uste bizikletaz hortik ibili daitekeenik.